inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Elurrik gabeko Jokoak

2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Zentzugabekeriak prezio garestia du. Hasi berri diren Pekingo Neguko Olinpiar Jokoak inoiz egin diren garestienetakoak izango dira. Instalazioak atontzeak bakarrik 80 milioi euroko kostua izan baitu. Bazekiten hala izango zela. Izan ere, Jokoen ingurune menditsua basamortutik gertuko inguru lehor batean dago. Antolatzean, bazekiten ziur elur artifizialez zuritu beharko zituztela eski pistak. Beste Joko batzuetan ere erabili izan dituzte kanoiak, baina, kasu honetan ez bezala, hasieran ez zekiten hala izango zela.

Inauguratutzat eman dituzte Olinpiar Jokoak. 16 egunez 185 miloi litro ur bideratu behar dituzte elur geruza hornitzera, Parisen urte osoan kontsumitzen duten uraren heren bat inguru. Energia itzela baliatu behar izan dute ur hori izoztu eta elur bihurtzeko. Klima larrialdian den mundu batean, kezka eta zalantza piztu dituzte Pekingo Jokoek.

Loughborougheko Unibertsitateak eta Protect Our Winters erakundeak egindako ikerketa baten arabera, 1924tik Neguko Jokoak antolatu diren 21 lekuetatik 10etan bakarrik bermatu ahal izango da elur naturala 2050erako. 10.100 kilowatteko potentziako punpa, hozte dorre eta kanoi sareak larritu baino ez du egingo arazoa. Baldintzarik ez den toki batean Jokoak egiten tematzeagatik, etorkizunean gero eta zailago izango dute negua bera zer den jakitea. Hori da zentzugabekeriaren prezioa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.