mikel rodriguez
HIZPIDEAK

DNA arrastoak

2022ko maiatzaren 7a
00:00
Entzun
Gernikako bonbardaketaren 85. urteurreneko mezuan, Eneko Andueza PSE-EEeko idazkari nagusiak adierazi zuen Espainiako egungo gobernua «errepublikaren oinordeko legitimoa» dela. Testuinguru jakin batean egindako aldarrikapen politiko bat da, baina kontsentsuzko analisi historikoak dio Espainiako Bigarren Errepublika 1939ko apirilaren 1ean desegin zela behin betiko, eta egungo gobernuak 1977 eta 1978 arteko erreforma politikoan duela legitimitatea.

Errepublika hura azpiatomoetaraino desegin zuena diktadura nazional-katoliko bat izan zen, eta diktadura hura erreforma batekin bukatu zen berrogei urte geroago, hausturarik eta depuraziorik gabe, eta instituzioen legitimitateari eutsita —PSOEk berak gaur egun harro aldarrikatu ohi duen prozesua—.

Horregatik, diktaduraren DNAk bizirik segitu du, eta lau hamarkada baino gehiago igarota ere arrastoak uzten ditu. Zerbitzu sekretuek oposizio politikoa espiatzen dute, eta Defentsa ministroak Kongresuan justifikatu egiten du. Estatu terrorismoaren biktimek auzitara jotzen dute, eta, auzia galduta, tribunalek prozesuaren kostuak ordainarazten dizkiete.

Errepresio sendoa erabiltzen eta legitimitatea etengabe zalantzan ikusten duen erregimen politiko bat, alde batetik, eta arerioaren umiliazioa praktikatzen duena, bertzetik. Erdipurdiko forentse batek ere harrapatuko lituzkeen DNA arrastoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.