mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Lokartuen ibilbidean

2022ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Ingeles hiztunek somnanbulismoa erabiltzen dute gertakari eta prozesu politiko eta historiko jakin batzuen garapena azaltzeko. Ingelesaren ezaugarrietako bat da aditz bakarrarekin irudizko azalpen oso bat ematea. Hau da, somnanbulismoan aritzeak (sleepwalking) erran nahiko luke herrialde bat, gobernu bat edo agintari bat —edo kasu guztietan, bat baino gehiago ere—, egiten ari diren ekintzen bidez pixkanaka hondamenezko helmuga batera gerturatzen ari direla, guztiak hori argi jakinda, eta, hala ere, inork deus egin gabe emaitza hori eragozteko.

Lehen Mundu Gerraranzko bidea azaltzeko erabili izan dute maiz. XIX. mende bukaeratik, Europako potentzia kolonialen ekintzek eta jarrerek urtez urte elkarren arteko talkaranzko bidea hartu zuten, guztientzat jakina zen emaitzarantz. 1914an piztu zen apokalipsia, munduak ordura arte ikusitako gerrarik handiena.

Argia da, hortaz, azken lau hilabeteotan ingelesezko hedabideetan zeri lotuta ageri den somnanbulismoa: Errusiaren Ukrainako inbasioa, Errusia bakartzeko neurriak, mehatxu nuklearra Kremlineko agintarien ahotan, energiaren gaineko lehia, Kaliningraden zaurgarritasuna egiaztatzeko ekintzak, 300.000 soldadu ekialdeko mugetan ezartzeko asmoa... lokartuen ibilbideak emaitza jakina du oraingoan ere, inor garaiz ernatu ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.