inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Energia enpresak eta bankuak

2022ko uztailaren 13a
00:00
Entzun
Behar politikoa eta hauteskundeen usaina izango da akaso, baina egia da Europako mendebaldeko gobernuek gutxitan sartzen dituztela eskuak energia enpresa eta banku handien diru zakuan. Kasu honetan, Pedro Sanchez Espainiako presidenteak behin-behineko zerga bat iragarri du konpainia horien ezohiko irabazien gainean. Ez dira, izan ere, ahuntzaren gauerdiko eztularen parekoak izan euren mozkinak hilabeteotan, herritarrak asmatu ezinik dabiltzanean nola aurre egin eguneroko kontsumogaien garestitze etengabeari.

Repsolek berak aitortu du berriki gasolio eta gasolinaren fintzeagatik jasotzen duen etekina hirukoiztu egin zaiola martxotik hona. Funtsean, herritarrak ordaintzen ari dira energia eta materialen krisiaren puskarik handiena. Zer esan, berriz, finantza konpainiei buruz: 2012an euren erreskaterako jaso zituzten 60.000 milioi euroetatik oso gutxi—%10 inguru, gehienez— itzuli dizkiote gobernuari. Beraz, zer dira eurentzat elektrikoekin erdi bana ordaindu beharko dituzten 7.000 milioi horiek?

Ezkerreko marketin pixka bat behar zuen Sanchezek lepoan hatsa igartzen ari zaion PPri eusteko. Baina neurri horiek, izatez, egiturazko bihurtzen ez diren bitartean, horixe bakarrik dira: asea gaurko eta gosea biharko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.