mikel rodriguez
HIZPIDEAK

EBren sinesgarritasuna

2022ko abenduaren 16a
00:00
Entzun
Qatarrek Europako Parlamentuko ordezkariei mesedeen truke ustez egin zizkien ordainketen auzia gizentzen ari da. Behin-behinean preso dagoen Eva Kaili parlamentuko presidenteordearen abokatuak, defentsan edo, adierazi du Ylva Johansson Barne komisarioaren eta Josep Borrell EB Europako Batasuneko diplomazia arduradunaren ideia izan zela Qatarrekin harremana estutzea.

Borrell 2019an izendatu zuten diplomazia arduradun. Europako Batzordeko karguak banatzean Espainiak kokatu nahi izan zuen pieza bat izan zen, politikari katalan espainiazalea postu horretan baliagarria izanen zelakoan Bruselan erbesteratuta zeuden buruzagi independentisten lana neutralizatzeko. Orduan, akaso, ez zuten kontuan hartu independentista katalanak kezka nagusi zituen diplomazia arduraduna hiru urte barru EBren ahotsa izanen zela Gerra Hotzaz geroztiko tentsio nuklear aldirik larrienean, errate baterako.

Roberta Metsola Europako Parlamentuko presidenteak adierazi du beharrezkoa dela neurriak hartzea herritarren «konfiantza berriz pizteko». Gaur egun ez da pentsatzen epe motzean brexit-aren antzeko bertze hausturarik gerta daitekeenik, baina ustelkeria kasuek ez ezik, norbere herrialdean ospea galdua duten politikariak interesen eta eraginen arabera goi karguetarako izendatzeak ere ez dio anitzik laguntzen EBko instituzioen sinesgarritasunari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.