mikel p ansa
HIZPIDEAK

Abortuarenak

2023ko urtarrilaren 21a
00:00
Entzun
Hego Euskal Herriko osasun zerbitzu publikoetan ez da ia aborturik egiten. Iaz, klinika pribatuetan egin ziren hamarretik bederatzi. Klinika askok aipatzen dute ez dutela aberasteko asmorik; lehen asteetako abortuetan, haurdunaldia eteteko esku hartzea arina da, ez du ez kostu ez irabazi handirik. Eta galdera da baldintza horietan zergatik ez ote diren abortu gehiago egiten ospitale publikoetan.

Bere garaian —ez dira hainbeste urte, baina Erdi Aroan izan zela ematen du—, iskanbila handia izan zen Nafarroan, osasun sistema publikoak ez zuelako aborturik egiten, medikuek uko egiten ziotelako. Lobby hori gainditu zuen legeak, eta sistema publikoan ere abortuak egiteko derrigorra ezarri zen. Medikuen kontzientzia eragozpena eta beste saltsa batzuk ibili ziren airean, polemika handiekin, zertarako eta, haize bolada pasatu ondoren, abortu gehienak klinika pribatuetan egiten jarraitzeko.

Bestela, Hegoaldeko datuetan ikusten da ez dela gorabehera handirik urteroko abortu kopuruan. Edo bai: krisi handiaren osteko urteetan handitu egin zen abortuen kopurua. Eta egoera ekonomikoa ez da izango abortuak ugaritzeko arrazoi bakarra, beharbada, baina bizitzaren aldeko direla aldarrikatzen duten talde horiek, akaso, beren buruari galdetu beharko liokete abortuak gutxitzeko ez ote litzatekeen eraginkorragoa izango estatuak eta kapitala estutzea, emakumeak presionatu beharrean. Baina ez, kasualitatea: ahulenak pagatzen du beti.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.