jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Zaharrak berri

2019ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Bai, borroka desorekatua da: alde batean, Gipuzkoako zahar etxeak kudeatzen dituzten enpresak, kasu gehienetan zerbitzua Gipuzkoako Foru Aldundiarekin itunduta; bestean zahar etxeetako langileak—gehienak, nola ez, emakumeak—, azken urteetan enpresei lan baldintza duinagoak eskatzen. Eta Gipuzkoako Foru Aldundia? Zerbitzuaren erantzulea? Bere ardurei uko egiten. Izan ere, benetan lan baldintza duinen alde, soldata arrakalaren kontra eta kalitate oneko zerbitzuaren alde egongo balitz, dagoeneko esku hartuko luke gatazkan, eta konponbidean jarri.

Gipuzkoako Foru Aldundiak Adinberri programa abiatu du, eta erreferentzia bihurtu nahi du zaharren zaintzan. Zahartzea du «erronka garrantzitsuenetako bat». Etorkizunari «aurrea hartu» nahi dio. «Arrreta integralerako eredu berri» eta «berritzaile» bat eskaini. Adinberriren oinarrietan aipatzen dira klusterra, berrikuntza, teknologia, ikerketa... Lan baldintzarik ez.

Aurkezpenetako, txostenetako eta erakusleiho itxurako webguneetako hizkera arranditsuaz harago, ez dago kalitatezko zaintzarik kalitatezko lan baldintzak dituzten zaintzailerik gabe.

Gipuzkoako Foru Aldundiak eta patronalak noizbait heldu beharko diote benetan gatazkari. Gainera, luzatzen ari badira ere, funtsean badakite amore eman beharko dutela, bai zerbitzuaren kalitateagatik, baita parez pare ahaldundutako langileak dituztelako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.