inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Hobi aldaketa

2019ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Francisco Franco diktadore espainiarra atera dute bere ohorezko mausoleotik, baina Espainia da oraindik ere munduan desagertu eta hobi komun gehien duen munduko bigarren herrialdea, Kanbodiaren ondoren. Izan ere, oraindik 115.000 lagunen gorpuzkiek jarraitzen dute errepide bazterretan, mendiko zuloetan edota bestelako toki ezezagunetan barreiaturik, diktadoreak berak agindutako errepresio ankerraren lekuko.

44 urte behar izan ditu Espainiako Gobernuak Francok bere buruari eskaini zion Erorien Haraneko hobitik ateratzeko. Ez dute horrenbeste zorterik izan, oraingoz, Francoren beraren aginduz hara eraman zituzten milaka biktima errepublikanoren senideek, tartean euskal herritar ugarik. Denborak esango du ea II. Errepublikaren aurka altxatu zen militar faxistak eduki duen aukera bera izango ote duten inoiz bere biktimen senideek.

Sinbolikoki eta politikoki garrantzia dauka Espainiako Gobernuak egindako mugimenduak, nahiz eta batzuek ikusi duten interes elektoralista ere izango den segur aski. Nolanahi ere, frankismoa ez zen Francorekin amaitu, eta historiarekin kitatzeko zor asko dauzka oraindik ere Espainiak. Biktimekin haietako asko, jakina. Baina herritarrei ere zor zaizkie Francok lotuak eta ongi lotuak utzi zituen 1978ko trantsizioaren eta monarkiaren inguruko eztabaida eta erabakia. Eta, horretarako, hobe litzateke beste 44 urte igaroko ez balira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.