mikel p ansa
HIZPIDEAK

Gasa, ezkutuan

2019ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Klima larrialdia aldarrikatzeak ez du, orain arteko praktiketan, aldaketa nabarmenik ekarri. Espainiako Aldizkari Ofizialeko ohar baten bidez jakin da Araban gasa ateratzeko zundaketek ingurumen baimena lortu dutela. Fracking-a eztabaida sozialik gabe iritsi zen; halaxe eduki zuen milaka herritarren kontrakotasuna; eta halaxe erori zen, eztabaida publikorik gabe, ostera. Aldebakarreko estrategia izan zen, aldebakarrez jausi zena. Fracking-a baztertuta, gasa erauzteko metodo ohikoagoa erabiltzeko aukerak aztertzen ari dira urteotan, eta horren buru SHESA ari da, Eusko Jaurlaritzak sustatutako sozietate publiko bat. Baina, fracking-arekin bezala, hor ere ez da eztabaida sozialik izan; itzalean ari da lanean, eta aldebakarrez. Atzean dagoen irakurketa sinplea da: energia iturri gehiago behar ditu Euskal Herriak, hainbeste ez inportatzeko, burujabeago izateko. Baina horretan ari direnak ondorio horretara ailegatu diren bezala, beste jende batzuek planteatu zezaketen beste aukera bat: energia kontsumo txikiagoa behar du Euskal Herriak, hainbeste ez inportatzeko, eta klimarekin zein Lurrarekin sentiberago izateko. Baina horrek eskatuko luke eztabaida serio bat, eztabaida integral bat, interes ekonomikoetatik haragoko eztabaida bat: nola gutxitu energia kontsumoa? Nola ugaritu berriztagarriak? Itun sozial bat egin liteke helburu horiek lortzeko? Baina ez, erdiko bidetik jarraitu dute administrazioak eta arlo pribatuak, beste inoren iritzirik aditu gabe. Larrialdian dagoen bakarra ez da klima: gobernatzeko modua ere krisian dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.