mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ispilu beltza

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Agintariek birus bati gerra deklaratu ziotenetik, espero zitezkeenak gertatu dira: poliziak beren autoritate arbitrarioa erabiltzen hasi dira, militarrak tankeak paseatzen —hala ibili dira asteburuan Tuteran—. Adibidez: lanera bizikletan zihoan gizon batek bideo bat zabaldu du sare sozialetan. Ikusten da nola ertzainek geldiarazten duten eta esaten dioten ezin duela bizikletan joan lanera. Tentsioz betetako eztabaida baten ondoren, langileak eskatzen die esplikatzeko zer egin behar duen, eta ez mehatxatzeko, mesedez. Halako pasadizoak dozenaka ari dira pilatzen salbuespen egoera indarrean jarri zenetik; udaltzain asko ere ari dira horrela. Eta administrazioak segurtasun efizientzia horren propaganda egiten du, poliziek egunero-egunero egiten dituzten atxiloketen eta jartzen dituzten isunen berri emanez. Poliziak eta militarrak euren burua saltzeko baliatzen ari dira egoera; eta herritar asko bihurtu dira gerra horretako soldadu, adierarik txarrenean. Ez dira erizain eta mediku gutxi izan, egunotan, lanera zihoazela norbaitek irain egin dienak. Donostian, adibidez. Sare sozialetan ere kontatu dituzte halakoak. 20:00etan balkoietatik txalokatzen dituzten horiek berek iraindu egiten dituzte lanera doazenean. Eskuin gogorrenaren ideiak salda ezin aproposagoan ari dira irakiten.

Eta ispilu beltz horren aurrean, orain irainduak, orain goretsiak, egunero erietxera onena ematera doazen osagile horiek: atzo txaloka agurtu zuten Nafarroako ospitaleetan sendatu den aurreneko gaixoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.