Garikoitz Goikoetxea.
HIZPIDEAK

Krisiaren faktura

2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Zenbaki gordin asko ekarri ditu koronabirusaren krisiak: lehena eta larriena, gaixorik eta bakardadean hil direnena. 550 baino gehiago jada. Baina ekarri ditu eta ekarriko ditu zenbaki gordin gehiago, arlo batean eta bestean: bikotekideen erasoak etxeko itxialdian jasan dituzten emakumeena, lehenaz gain zaintzaren ardura osoa beren bizkar dutenena, itxialdiko egonezinak osasun kalteak eragin dizkienena, birusaren ondorioz bakartuta daudenena, enplegua galdu dutenena. Hego Euskal Herrian 14.000 lagun geratu dira lanik gabe martxoan. Azken hamarkadetan hilabete bakarrean izandako jaitsiera handiena da. Ez da azkena izango.

Zenbaki gordinak, baina hezur-haragizko gorputzetan mamituak. Badaukate arrisku bat halako egoerek: herritarrak, haien bizitzak, zenbaki soil bihurtzea. Komeni da, beraz, datu hotzetatik haragoko ikuspegiarekin aztertzea egoera, batik bat ondorioei erreparatzeko.

Osasun krisiak faktura ekarriko du: ekonomiaren atzeraldia dator, eta murrizketak. Bistakoa da arriskua: koronabirusaren krisia eta itxialdia gogorren nozitzen ari direnek ordaintzea gehien koronabirusaren ostekoa ere, desberdintasun sozialak sakonagoak izatea.

Zenbaki gordin asko ekarri ditu koronabirusak, egoera gogorrak, zauriak, eta ekarriko ditu. Baina birusak sortutakoez haragoko zauriak eta egoerak ere aintzat izan behar dira. Hezur eta mami.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.