mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Mugak

2020ko maiatzaren 13a
00:00
Entzun

Birusak ez zituela mugak kontuan hartzen erranda hasi zuen Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak alarma egoera. Horregatik akaso, hedapena eragozteko mugak ixtea agindu zuten bai hark eta bai inguruko agintari ia denek. Ipar eta Hego Euskal Herriaren artean hiru pasabide baino ez dituzte irekita utzi Sanchezek eta Emmanuel Macron Frantziako presidenteak, baina horiek ere ez daude euskal herritar guztientzat zabalik. Mugak sendotu, mugak altxatu, eta mugimenduak mugatu. Horratx COVID-19aren krisiak Euskal Herrian utzi dituen ondorio nagusietako bat.

Segur aski, Euskal Herri osoan ez da egonen Endarlatsa baino banaketa lerro gehiago edukiko dituen punturik. Bi estatuk, hiru probintziak, lau udalerrik eta bertze nahi adina administraziok bat egiten dute Nafarroa Garaiko ipar-mendebaldeko auzo horretan, Bidasoa ibaiaren bazterrean. Alde bateko arauek ez dute balio bertze bi aldeetan, edo bitan bai, baina bertze batean ez. Oinez edo bizikletan Bidasoaren gaineko zubiraino ailegatu diren herritarrek buelta erdia eman behar dute arauak ez urratzeko, eta zubiaren gainetik pasatzen diren ibilgailuetako bidaiariek hobe dute frogatu lanera doazela, edo Poliziak balekotzat joko duen bertze salbuespenen bat betetzera. Mugak lausotzen ari omen ziren aroan, inoiz baino banatuago dago Euskal Herria. Aldi baterako izanen omen da, baina behin-behinekotasunak ere ondorioen parte izaten dira anitzetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.