martxelo otamendi
HIZPIDEAK

Colon asko gure herrietan

2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Soka luzea ekarri du Minneapolisko polizia zuri batek herritar beltz bat hil zueneko gertaerak. Soka luzea eta arrazismoaren aurkako aspaldiko mobilizaziorik handienak. Adar bat baino gehiago atera zaizkio soka horri, horietako bat azken urteotan gero eta eztabaida sutsuagoa sortzen ari dena: zer egin kolonizatzaileak izan ziren figura historikoekin.

Gure herri askotan dauzkagu estatuak, kaleak, plakak... duela mende batzuk, ezpata eskuetan, besteen lurrak menperatzera joandakoen omenez. Estatua batzuetan ikus liteke nola zapaltzen dituen omenduak —Minneapolisen gertatutakoaren bertsio zaharra bailitzan— konkistatutako herrietako indioak. Plaka horietako batzuetako testuak egindako sarraskiaren apologia hutsa dira, hitz potolo bezain bihozgabeekin osatutakoak; hura jasan zutenekiko batere errespeturik gabekoak.

Beti da arriskutsua iragana azaldu nahi izatea orainaldiaren ikuspegiarekin; iragan haren ondorio maltzurrak berez onartzea bezain arriskutsua. Ezin ditugu laido horiek, eskulturak eta testuak, bere horretan utzi; gure hiztegietan sentsibilitate hitza ez bageneuka bezala.

Leiendak dio gure herrietako batean eskultura apologetiko bat oihal batez estali zutela, gehiegikeriak jasan zituen herri horretako diplomatiko bisitaria samindu ez zedin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.