Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Egia, objektu galdu bat

2020ko irailaren 18a
00:00
Entzun
Objektu galduen atalean galdetzeko erantzun zioten Mikel Zabalzaren amari, orain 35 urte, Intxaurrondoko kuartelean semea non zegoen jakin asmoz aurkeztu zenean. Txarrena espero zuten, eta, tamalez, hogei egun geroago, semea hilik azaldu zen, Bidasoa ibaian. Birikak urez beteta, bai, baina ez Bidasoako urarekin. 35 urteotan objektu galduen atalean egon dena egiaren aitortza izan da, aitortza ofiziala. Gizartearen aitortza hasieratik izan du. Jakina zen Zabalzarekin pasatu zena, eta Espainiako Auzitegi Nazionalean hainbat guardia zibilen lekukotzak ere entzun ziren eskuetatik joan zitzaiela esaten. Baina, saiatu arren, kasuak ez zuen aurrera egin; ondorioz, indarrean dagoena bertsio ofiziala da: gezurra.

Badaude torturarekin lotutako hainbat ikono Euskal Herrian: Zabalza da bat, Lasa eta Zabala, Joxe Arregi, Unai Romano... Adierazgarriak dira kasu guztiak, adierazgarrienak; tortura existitzen ez zela zioten horiek ere ezin ukatu zitzaketenak. Baina, ukatu zituzten, eta ukatzen jarraitzen dute. Aitortza ofizial baten zain, Zinemaldian aurkeztuko duten filma bada aitortza modu bat.

Baina, benetako egia, justizia eta erreparazioa ez ditu dokumental batek ekarriko. Memoria Demokratikoaren Legeak frankismo garaikoekin egin nahi duen bezala, beste lege batek aitortu beharko lituzke ondorengoak ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.