Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Jomugan

2021eko maiatzaren 28a
00:00
Entzun
Ernai erakundea jarri dute orain jomugan. Gorroto delituagatik ikerketa bat jarri du martxan Arabako Fiskaltzak, Eusko Jaurlaritzak bideratuta. Eta herri honetan halako hasiera izan duten eta oso gaizki amaitu duten hainbat auzi izan dira, gazteekin eta gazte antolakundeekin lotuta. Adibidez, bere garaian Juan Maria Atutxa Barne sailburuaren asmakizuna izan ziren Y taldeak, eta hasieran kale indarkeria ekintzak zirenak —kutxa automatiko bat erretzea, kasurako— terrorismo gisa tipifikatu zituzten Zigor Kodean, urte luzetan gazteriaren zati handi baten kriminalizazioa bultzatuz.

Orain, Jaurlaritzak gorroto mezua ikusten du Ertzaintza eta haren jarduna kritikatu eta salatzen duten pintaketa eta afixetan. Mezuetan gorroto deliturik dagoen jakin nahi du. Amua bota du, eta fiskaltzak kosk egin dio amuari. Ikerketa abiatu dute behintzat.

Legearen interpretazioaren ikuspegitik zalantzazkoa da gorroto delitua izan daitekeenik ere, talde baten zaurgarritasuna baita haren kontrako mezuak gorroto delitu bilakatzen dituena. Polizia ez da agertzen, behinik behin, legeak aipatzen dituen balizkoetan: «ideologia, erlijio nahiz sinesmen, familia-egoera, etnia, arraza, nazio-jatorri, sexu, sexu-joera, gaixotasun edo elbarritasunarengatik» erasoa sufritzen dutenak dira gorroto delituen biktima posibleak. Eduki eta euskarri batzuk zalantzazkoak izan daitezkeen arren, kritika politikoak ez du talde bat zaurgarri egiten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.