mikel p ansa
HIZPIDEAK

Seta

2021eko ekainaren 11
00:00
Entzun
Nafarroako eskuin gaztelaniazaleak argi izan ohi ditu bere lehentasunak. Iruñeko Udaleko gobernuan agintea hartu eta berehala, haur eskoletan euskararen eskaintza txikitzea erabaki zuen, eta euskararen ordenantza aldatzea ere bai. Laster baino bizkorrago, berriz, udalaren Twitterreko kontutik euskara desagerrarazi zuten —ordura arte ele bitan argitaratzen zuen kontu horrek, eta gaztelania hutsean hasi zen, ia abisatu gabe, euskaraz aritzeko beste kontu bat sortuta—. Gaztelania hiztunei euskara bistatik kentzeko jukutria baten itxura hartu zuen. Azkenaldian, berriro, lan eskaintzetarako euskarari meritu eta balio guztiak kentzen enpeinatua dabil Navarra Suma. Eta ofentsiba ez da Iruñekoa bakarrik edo behin-behinekoa soilik: Burlatako Udalean, atzo bertan, oposizioak behartuta onartu zuten euskara teknikariak ordezkatzeko lan poltsa —Navarra Sumako alkatearekin duela hilabeteak onartu arren, udal gobernua atzeratzen ari zena—. Sumatzen da Navarra Sumak agindua eman duela udaletara, agintea duen leku bakarretara, euskararen garapena oztopatzeko. Ez da berria, eta ez da lehen aldia. Eta horregatik, garaipen txiki bat da auzitegi batek Iruñeko Udalari esatea iazko sanferminetarako balkoitik zintzilikatu zuten kartela —#LosViviremos handi batekin, eta #BizikoDitugu azpialdera botata eta txikituta— baztertzailea zela, eta araua urratzen zuela. Euskara ere hemengoa baita, Navarra Suma kontrakoa adierazten setatu arren; eta ez dago sobran auzitegi batek gogoraraztea, behingoagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.