inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Kosta ahala kosta

2021eko uztailaren 10a
00:00
Entzun
Klima aldaketa aipatzen denean, Euskal Herriaren ikuspegitik, kostaldean izan daitezkeen arriskuei erreparatzen zaie maiz. Ez dira makalak, izan ere, izan litezkeen kalteak. Isurketen erritmoa mantenduz gero, 80 zentimetro igoko da itsas maila mendearen amaierarako, eta horrek ondorio asko izango ditu. Besteak beste, Gipuzkoa eta Bizkaiko hondartza azaleraren %40 inguru desagertu egingo da, eta ia egun halako hiru izango dira itsasbazterrean uholdeak jasateko arriskuan izango diren guneak. Zumaia, Zarautz eta Donostiako hondartzen %70 inguru desagertu egingo da, eta haien turismoa ataka larrian jar dezake horrek.

Egoerara egokitu beharko da, eta naturan inbertitzeak izan ditzakeen onurak hartu beharko dira aintzat, itsasoari harresiak jartzeak beti izango baititu mugak. Baina, batez ere, berotegi gasen isurketa gutxitu beharko da, planetaren berotze orokorrak segurtasunaren mugak gaindi ez ditzan.

Eta hori zer den ere ikusten joan beharko da, eta ikasten. Aurreko astean 30 graduraino heldu ziren Kanadako Pazifikoko Columbia Britainiarra probintziako kostaldeko ur normalean hotz samarrak. Literalki egosi ziren itsas animalia ugari: barraskilo, izar, muskuilu eta txirlak... 500 lagun baino gehiago hil ziren ia bat-batean. Eta mundua 1,1 gradu berotu da, batez beste. Zer izango da 3 gradu berotuz gero?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.