mikel p ansa
HIZPIDEAK

Hausteko prest

2018ko ekainaren 29a
00:00
Entzun
Europa pittinka-pittinka amildegira nola bertaratzen ari den ulertzeko balio dute Donald Tusk Europar Kontseiluko presidentearen atzoko hitzok: «Batzuek pentsa dezakete oso gogorra naizela nire proposamenetan, baina, sinetsidazue, ez baditugu neurriok adosten, morroi benetan gogor batzuen proposamen benetan gogor batzuk hasiko gara ikusten». Mugak ixteari buruz ari zen, Europaren mugak. Afrika iparraldean migratzaileak hartu eta beren etxeetara bueltatzeko zentroak irekitzea proposatu du egunotan Tuskek —bide batez esanda, Marokok dagoeneko esan du ez dagoela horretarako prest—. Baina ulertu behar da Viktor Orban, Giuseppe Conte eta morroi horiek geldiarazi nahi dituela. Hots, Europa eskuin muturrera joan ez dadin, eskuinerago eraman behar dela. Mugak guztiz itxi nahi ez badira, mugetan kontrolak jarri. Sendabidea bera zauri.

Inoiz baino zatituagoa dago Europa: Erresuma Batuarekin dibortzioa adostu ezinik, estatuburu bakoitzak bere herrialdean bere gobernu krisi partikularra duela, eta AEBekin gerra komertzial bat hasi berri. Eurogunea indartzeko eta merkataritzari buruzko neurriak ere aztertu behar zituen Europar Kontseiluak atzoko bileran, baina Contek muturrera eraman du presioa, itsasontziei portuak itxi eta arriskuan jarri ditu milaka migratzaileren bizitzak, eta bere etxera eraman du eztabaida: ez du ezer adostuko, migrazioa kontrolatzeko neurriak hartu ezean.

Orain bertan kristalezko pitxer bat da Europa; eta mailu gehiegi ditu kolpeka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.