jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

PSEren muga

2018ko uztailaren 7a
00:00
Entzun
Esanguratsua da PSE-EEko kide bati egokitzea muga jartzea. Batetik, EAJ lan bat egiten ari da Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldean, baina, bestetik, Eusko Jaurlaritzako bere bazkideak horren kontra egingo du, Gasteizko parlamentuan boto partikularra aurkeztuz eta Madrilen, atzo Isabel Zelaa PSEko kide eta Espainiako Gobernuko bozeramaileak aurreratu zuenez, estatus politikoari buruzko galdeketa gaitzaile batek Gernikako Estatutuan lekurik ez duela esanez.

Hilabeteko lanaren ondoren, emaitza ematen hasi da Autogobernu Lantaldea. Horretarako sortu zuten, baina emaitza ematen hasi orduko atera dira bidera lantaldean parte hartu bai baina zer emaitza eman behar ez duen diotenak. Iraganekoa edo beste Espainiako Gobernu batena izan zitekeen traza agertu da. Odon Elorzak ere esan du aste honetan, PSEko kidea hori ere: «zatiketa politiko eta soziala» eragin dezakeela legebiltzarraren gehiengoaren babesarekin onartu den estatus politiko berriaren oinarriak, «Katalunian bezala». Touché. Gutxiengoak ez omen du zatitzen.

Edozein kasutan bide luzea du egiteko oraindik estatutu berriak. Eta, galdeketa gaitzaileak denbora alde izango duenik esan ezin badaiteke ere, ikuspegi demokratiko batetik geroz eta zentzu gutxiago izango du estatutu politiko zaharra ordezkatu behar duen estatutu berriari mugak jartzeak, zaharrak aukera hori jasotzen ez duela argudiatuta. Hori ez da helmuga. PSEren muga da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.