Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Trumpen galera, erdizka

2018ko azaroaren 8a
00:00
Entzun
Donald Trumpek galdu egin du, baina erdizka. Ez dauka duela bi urteko paradisu politikoa; Ordezkarien Ganbera demokraten alde jarri da, gobernadore eta gobernu garrantzitsuak galdu ditu, eta orain ez du txeke zuririk, baina, hortik aurrera, aldaketarik gertatzen bada ez da berehalakoan sumatuko, makineria konplexua eta boteretsua baita AEBetako politikarena, eta bi aldeek daukate zer galdua eta zer irabazia. Demokratak deseatzen daude ekiteko, eskuak loturik eduki ondoren. Mahai gainean dituzte, esaterako, Trumpen aurkako 50 bat ikerketa, eta orain abia ditzakete haren jokaldi pertsonal eta politikoak agerian utzi eta presio egiteko. Presidentea kargugabetzeko bidea abiatzea ere aukeretako bat da, baina tentuz erabaki beharko dute zein presio bide den egingarria eta babes aldetik errentagarria; izan ere, ezer ere ez lortzeko giro asaldatua sustatzea ez zaie komeni. Lorpenak behar dituzte, eta, gainera, Trump hazi egin daiteke politika erasokor baten aurrean, 2020ko bozetara begira. Kargugabetze prozesua, behintzat, ez dute hasiko, ez gutxienez Robert S. Mueller epaile bereziak datu gehiago eman arte.

Eta Trumpek Senatua dauka, ekinaldi legegileak atzera botatzeko, eta bere aldeko epaile eta beste kargudun batzuk izendatzeko; politika bere neurrira egiten jarraitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.