mikel p ansa
HIZPIDEAK

Lohitegian

2018ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Trantsizio energetikoak izan behar zuen Macronen politikaren izarretako bat, baina badirudi itzaliz doala pittinka-pittinka. Duela hiru hilabete, Nicolas Hulotek utzi egin zuen trantsizio energetikoaren ministerioa. Joan egin zen. Hiru hilabete egin ditu hedabideetatik aparte. Joan den astean agertu zen, France 2n, Jaka Horiek errepideak hartu ondorenean. Azaldu zuen zergatik utzi zuen ministerioa: «Arduratu behar dugu frantziarrek hilabetea bukatzearekin, baina arduratu behar dugu beste auzi batekin ere: mundua bukatzeko arriskuarekin». Hulotek esplikatu zuen ezin direla ekologiari begirako neurriak eta gizarteari begirakoak bereizi. Alegia, ez dela aski ezantzari tasa ekologiko bat jartzea eta hori herritarrei kobratzea, hegazkinek erretako kerosenoak zigor fiskalik ez badu, edo enpresei zergak jaisten bazaizkie. Neurriak ikuspegi oso batekin hartu behar direla, herritarren beharrak eta ekologiarenak lotuz. Macronek ez zuen aditu. Eta joan egin zen Hulot.

Atzo, Jaka Horien ekaitzaren erdian harrapatuta oraindik, Macronek honela hasi zuen bere diskurtsoa: «Munduaren bukaera eta hilaren bukaera, biei helduko diegu». Ezantzaren zerga ez du kendu nahi, baina petrolioaren preziora egokitu nahi du. Nuklearrak ixteko epea atzeratu egin du, bestalde. Ez ditu ase Jaka Horiak, eta haserretu zaizkio ekologistak. Huloti arrazoia ematen hasteko berandutu egin zaio Macroni. Eta trantsizio ekologiarako politika aurkezteko izan behar zuen agerraldi distiratsua lohitegi bihurtu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.