jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Informazio osoa

2019ko otsailaren 21a
00:00
Entzun
Erantzukizuna bai, baina erantzule izan gabe. Jon Darponek adierazi du ez duela asmorik Osakidetzako oposizioetako ustezko iruzurraren auziagatik dimisioa emateko. Esan du bere erantzukizuna «politikoa» dela, eta ustelkeria egotekotan kontu indibiduala dela. Modu horretan kasutik kanpo kokatu nahi du bere burua Jaurlaritzako Osasun sailburuak.

Zaila da defentsa horri eustea, ordea. Fiskalaren txostenak aste honetan, azterketak filtratu zituzten epaimahai batzuetako kideekin batera, jomugan jarri baitu Osakidetza bera, epaimahaiak izendatzeko prozesua auzitan jarriz. Kontua da: nork diseinatu zuen prozesu hori? Non? Noiz? Akusatuta ez egon arren, fiskalak Osakidetzako hiru arduradun aipatzen ditu bere txostenean. Eta horrekin batera, aipamenik egin gabe, agerian utzi du Darponek ez zuela egia esan legebiltzarrean, han esan zuenean azterketak prestatu zituztenen zerrenda ez zuela Osakidetzak erabaki.

«Ez neukan informazio osoa», dio orain Darponek. Ez zuen eman, hori da kontua. Eta informazio osoa ez bazuen, behin parlamentura azalpenak ematera joanda, zergatik ez zuen argitu beharko luke. 2012ko abendutik da Osasun sailburu. Nahikoa denbora da, fiskalak susmatzen duen moduan sistema bera bada ustelduta dagoena, sistemak nola funtzionatzen duen jakiteko. Eta jakin edo ez, arduraz jokatzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.