mikel p ansa
HIZPIDEAK

PSOEren bizikidetza

2019ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Pedro Sanchezek gaizki kalkulatu du, edo zail da ulertzen zer gertatu den. Espainiako Senatuko presidente bihurtu ahal izateko, Kataluniako Parlamentuak propio izendatu behar zuen Miquel Iceta, eta horretarako modu bakarra independentisten faborea irabaztea zen. PSOEk ez du negoziatzeko zirkinik egin, eta gertatu behar zuena gertatu da: independentistek ez diote senatari bihurtzen utzi Icetari, eta beraz ezta Senatuko presidente izaten ere. Kasketa harrapatu dute Icetak eta Sanchezek. «Ez da izan Icetari jarritako beto bat», esan du Espainiako presidenteak, «bizikidetzari jarritako beto bat izan da». Independentista katalanek leialtasun parlamentarioa urratu omen dute. Aise erantzun diete Sanchezi eta Icetari: leialtasun parlamentarioa Espainiak apurtu zuen, 155. artikuluarekin. U-1ean botoa ematera joan ziren herritarrei egurra ematea izan zen, bai, bizikidetza lezio bat. Eta gertuago, eta orainera ekarrita, Auzitegi Nazionalak euskal presoen argazkiak erakusteagatik hiru lagun atxilotzea ere izan da bizikidetza lezio bat. Eta baita atzo goizean Josu Urrutikoetxea atxilotzea ere. Lezioa: Espainiak ez du negoziatzen ezertaz inorekin, eta berak hesitzen ditu bizikidetzaren mugak.

Beste hipotesia, maltzurragoa oraino: Miquel Iceta independentisten biktima bihurtu du Sanchezek, nahita, Icetaren irudia garbitzeko, PSCren burua galdeketa bat onartzeko prest agertu izan denean alde guztietatik egurtu dutelako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.