mikel p ansa
HIZPIDEAK

Mayxit

2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
David Cameron aurretik eraman zuen brexit-ak, eta orain Theresa May jarri du amildegiaren aurrean. Gezurra ematen du, baina duela lau urte eskas, 2015ean, gehiengo absolutuarekin bihurtu zen Cameron lehen ministro. Lau urte geroago, kaosean murgilduta dago Erresuma Batua, eta kontserbadoreak senideak hiltzeko prest. Gaur Europako hauteskundeak egitekoak dituzte, eta, emaitzak igandera arte ezagutuko ez badira ere, inkestek laugarren edo bosgarren lekua ematen diete kontserbadoreei. Nigel Farageren Brexit Alderdia, laboristak eta liberal demokratak aurretik jarri zaizkio, eta inkesta batzuek berdeei ere ordezkaritza handiagoa ematen diote. Mayk kontzesioak egin dizkie denei: bere burua eskaini du, baldin eta Bruselarekin hitzartua daukan ituna onartzen badiote; ez da aski izan kontra dituen tory-ak asetzeko. Aste honetan, berriz, galdeketa egiteko aukera jarri du mahaiaren gainean —orain arte erabat saihestu duen posibilitatea onartuz—, baina horrek alderdi barruko tentsioak handitu ditu, eta Mayren dimisioa bizkortu dezake. Etxekoek presioa handitu diote azken orduetan, eta litekeena da hurrengo orduetan dimititzea. Baina utziko balu ere, zertarako? Boris Johnsonek edo Jeremy Corbynek hobeto kudeatuko zuketen brexit-a? Nekez. Brexit-a gobernaezina bilakatu da, eta gobernatzen saiatu den pertsona bakanetakoa ito egin du. Eta Bruselak, hein batean, lortu du bere helburua: Batasuna uztea nekagarria dela eta kostuak dakartzala erakustea. Badaezpada ere: intentzioak kutsatu ez daitezen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.