Aitortza merezia, ondo merezia, ari da jasotzen egunotan Joxe Azurmendi filosofo eta pentsalaria Donostian egiten ari diren kongresuan. Biltzar akademikoan parte hartzen ari diren hizlarien zerrendari eta jorratuko dituzten lanei erreparatu besterik ez dago Azurmendiren lanaren tamainaz jabetzeko. Goi mailako sortzaile oparoa izan da Azurmendi, eta oraindik ere bada, eta hori ondo islatzen da kongresuaren egitarauan.
EHUren eta Gipuzkoako Aldundiaren elkarlanaren ondorioz eta bi erakundeen babesarekin sortu den Joxe Azurmendi Katedra aurkeztu zuten jendaurre zabalean kongresuaren lehen egunean, eta, nominalak diren beste katedrekin gertatzen den legez, Azurmendiren lana aztertzea eta interesatuen eskura jartzea du helburu katedrak, gure herriaren garapen intelektualarentzako baliagarriak izango diren pentsamenduak sustatzeko gune bat izatearekin batera.
Pentsamendua lantzeko bide bat markatu du hamarkadetan Azurmendik —pentsamendu kritikoa egitea eta zabaltzea arazobide zen garai gogorretan— bere idazlanetan eta unibertsitateko eskoletan; gure herriaren zerbitzura eta euskaraz. Bietan jardun du arrakasta handiarekin eta jarraitzaile kopuru luze batekin, haren ikasle izan direnek mirespenez aitortzen dutenez.
Ur jauzia basamortu lehorrean.
HIZPIDEAK
Ur jauzia basamortuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu