Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Tximeleta efektua

2020ko urtarrilaren 17a
00:00
Entzun
Txinatik dator atsotitza: «Tximeleta baten hegalen mugimenduak munduaren beste muturrean tsunami bat eragin dezake». Txerriak dira, eta ez tximeletak, kasu honetan munduko beste muturrean eragina izan dutenak. Txerrien izurri afrikarraren eraginez, milioika txerri akabatu behar izan dituzte Txinan —2018an zituzten 400 milioi txerrietatik erdiak-edo— eta hango eskariari erantzuteak munduko beste tokietan izan du eragina, baita Euskal Herrian ere.

Txerriei erasaten dien gaitzak mugak gainditu ditu, ez hainbeste krisi sanitario gisa, baizik eta ekonomia globalizatu baten testuinguruan. Txinatarrek txerrikia kontsumitzen jarrai dezaten, mundu osotik ari baitira txerrikia inportatzen. Euskal Herriko hiltegietan ia %50 igo da txerri haragiaren prezioa urtebetean, eta saltokietan ere hasiko dira bezeroak igoera antzematen.

Txerriak Euskal Herrian hazi, hil eta banatzen dituzten ekoizle txikiagoek diotenez, ordea, ez dute ondoriorik sufritu, ez dute preziorik igo, eta aukera baliatu nahi dute, kanpora jo gabe, euren merkatua sendotzeko. Jokaleku globalean kalterik sufrituko ez duten bakarrak ekoizpen industrial eta intentsiboetatik at daudenak izango direla dirudi, ekoizle txikiak eta hurbileko merkatuetan mugitzen direnak. Tokikoa babesteak badu zentzua, beraz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.