Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Arduraz aritzeko ordua

2020ko martxoaren 10a
00:00
Entzun
Koronabirusaren agertokia aldatu egin da atzotik Euskal Herrian, eta, horrekin batera, hartu beharreko neurriak ere bai. Egoera ezezaguna denez, ordea, neurriotan inprobisazioa eta desordena gertatzen ari dira, nahitaez. Eskolak itxi bai, baina nola egingo zaio aurre eragiten dituen umeen zaintza arazoei? Nola zainduko dituzte protokoloa jarraitu behar dutenek beren zaharrak? Nola uxatu birusari buruzko zalantzak horretarako ezarri duten telefonoan erantzuten ez badute? Nola egingo diote aurre larrialdi zerbitzuetan gerta daitekeen kolapsoari? Nola baldintzatuko dute osasungintzan izandako murrizketek eta behin-behinekotasunak? Nola, gaitzak izango dituen ondorio politiko eta ekonomikoek? Zer ondorio izango ditu gurean munduko gobernuen erantzun ezberdinek eta koordinaziorik ezak? Eta? Nola egingo dituzte sinesgarri lasai egoteko dioten mezuak neurri drastikoak hartzen dituzten bitartean?

Herritarrei gutxi gorabehera argi geratu zaie nola erantzun behar duten, eta arduraz jokatu beharko da, nork bere esku duen guztia eginez. Politikariek eta instituzioek, berriz, bat egin behar dute, eta, batez ere, informazioa zehatz, zorrotz eta gardenki eman, deserosoa izan arren, hartuko dituzten —edo ez dituzten— erabakiek hauteskundeetan zer ondorio izan ditzaketen pentsatu gabe.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.