mikel p ansa
HIZPIDEAK

Sistema aldatzeko ordutegia

2020ko maiatzaren 2a
00:00
Entzun
«Kaleak beti gureak izango dira!», oihu egiten zuen mugimendu independentista katalanak, duela ez hainbeste. Baina ez: kaleak ez dira herritarrenak; edo, hobeto esanda, kaleak herritarrenak dira, botere gehiago duen norbaitek kontrakoa agintzen ez duen bitartean. Julio Cortazarren ipuin baten tankera hartu du errealitateak, eta kalean noiz eta nola ibili behar den zehazten duten eskuliburuak (aginduak) argitaratzen dituzte estatuek. Eskuliburu horri jarraituko diote milaka herritarrek gaurtik aurrera, agintearen ordezkariren batekin topo egiteko beldurrez. Horrela joan da Maiatzaren Lehena, kaleak hustuta. Herrialde batzuetan, debekuei kontra egin diete, eta kalera atera dira baimenik gabe ere; beste batzuetan baimenekin atera dira, elkarrengandik urrutiratuta. LABek auto karabana batzuk egin ditu; ez Nafarroan, debekatu egin baitiete. Manifestazioak ikustera ohituegi dagoen herrialde batentzat, zeharo ezohikoa suertatu da Maiatzaren Lehena kaleak hustuta bizitzea, eta aldaketa sozialetarako zein garrantzitsua den erakutsi du kaleak hustu denean. Kalea ez baita zerbait fisikoa, ezpada soziala. Gaurtik aurrera berriro hasiko dira kaleak betetzen, ordutegi eta zeregin jakinekin; baina kapitalismoaren kontrako jarduerak zein ordutegitan eta nola egin behar diren ez dute zehaztu gobernuek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.