mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Keyser Soze eta X jauna

2020ko ekainaren 16a
00:00
Entzun
CIAk erraten omen zuen Keyser Soze ez zela existitzen, Joxe Ripiauk kantatu zuenez. Bryan Singer zuzendariaren The Usual Suspects filmeko asmakizuna da Keyser Soze. Inork inoiz ikusi ez duen gaizkile boteretsu bat da, krimen antolatuaren figura mitiko bat, sarraskiak eta mendekuak egin eta inork arrastorik ere harrapatu gabe desagertzeko gaitasuna duena. Horregatik, AEBetako segurtasun agentziek egiazkoa ote den ere zalantzan paratzen dute. Norbaitek filma ikusi ez badu —erne, spoiler-a dator eta—, Keyser Soze existitzen da, eta guztiek une oro begien parean izan dute.

1995ean estreinatu zen The Usual Suspects; hain zuzen, GAL auziak Euskal Herriko eta Espainiako egunkarien tituluak bete zituen urte berean. Horiek X jauna zuten protagonista, Espainiako Erresumak antolatu zuen GAL talde parapoliziala zuzendu zuen buruzagi misteriotsua. Hain misteriotsua, kazetari batek zuzeneko elkarrizketa batean galdetu baitzion Espainiako Gobernuko presidente bati ea berak antolatu al zuen GAL. Izan ere, The Usual Suspects-en ez bezala, GALen auzian badirudi tramak ez duela misterio handirik. Orain jakin da CIAk nahiko argi zuela X jauna existitzen zela. Ez litzateke batere bidezkoa izanen —eta erne, hemen heldu da-eta bigarren spoiler-a— fikziozko Keyser Sozek eta errealitateko X jaunak bukaera bera edukiko balute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.