Eider Goenaga Lizaso.
HIZPIDEAK

Adostasuna

2020ko urriaren 2a
00:00
Entzun
Ados jarri eta adierazpen bateratu bat kaleratu zuten atzo EAJk eta EH Bilduk. Horrek ez luke ezohikoa izan behar; Eusko Legebiltzarreko indar abertzale bakarrak izanda, printzipioz, puntu askotan bat egin beharko luketela dirudi. Ez da horrela, ordea, eta gehiago aritzen dira elkarri mokoka, elkar hartuta baino. Kasu honetan, gaia hainbatetan desadostasun iturri izan den arren, betaurreko berdinekin jarri dira biak Kataluniari begira, eta Torraren inhabilitazioa arbuiatu dute.

Kanpora jo behar izan dute adostasunera heltzeko. Eta ondo dago kanpora begiratzea, batik bat Kataluniako ispiluan hainbat irakasgai topa daitezkeelako. Besteak beste, burujabetzaren bidean noizbait aurrera egingo bada, elkar hartuta soilik egin daitekeela bidea, indarrak metatu behar direla. Hiru urte pasatu dira 2017ko urriaren 1eko erreferendumetik, eta, Kataluniako alderdi independentistak elkarrengandik gero eta urrunago dauden neurrian, are urrunago ikusten da orduko uholde hura berreskuratzea. Eta, etxera begiratuta, Euskal Herrian alderdi abertzaleen arteko akordio batek inoiz baino urrunagokoa dirudi.

Gure Esku-k erreferendumaren aldeko sinadurak biltzeko dinamika bat aurkeztu zuen atzo, euskal legebiltzarrek herri kontsultara deitzeko eskumena euren gain har dezaten. Oraingoz, ez dute euskal alderdien adostasunik topatuko bide horretan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.