inaki petxarroman
HIZPIDEAK

AHTaren epe amaiezinak

2020ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Aurreko mendeko proiektu bat da abiadura handiko trenaren (AHT) euskal Y-a. Urte luzeetako bide administratiboa egin zuen, 1980ko hamarkadatik, 2006an, Urbinan (Araba), lanak hasi arte. Jaurlaritza eta Espainiako Gobernua amaiera datak jartzen aritu zaizkio, lau urtetik lau urtera iragarpenak atzeratuz.

Aurreko agintaldian Arantxa Tapiak iragarri zuen 2023rako amaituko zirela lanak. Gutxik eman zioten sinesgarritasunik, obrari zati oso korapilatsuak falta zaizkiolako: hiriburuetako sarrerak eta Bergarako lotunea, besteak beste. Tapiari lekukoa hartu dion Iñaki Arriolak zuhur jokatu du obren amaierari data bat jartzeko garaian. Ez dela 2023a izango, ezta 2024a ere. Oraingoz, obren egoeraren azterketa egiten ari direla iragarri du, eta hura egin ondoren zeozer zehatzago esan ahal izango duela. Pentsa daiteke ez dela hamarkada bukaeratik asko urrunduko lehen trenak zerbitzua ematen hasten diren unea.

4.178 milioi euroko aurrekontuarekin abiatu ziren lanak, eta 6.000 milioi baino gehiago gastatuko dira, 7.000 milioi akaso. Orain, 2.712 milioi gehiago eskatu dizkio Jaurlaritzak Europari, trantsizio ekologikoa laguntzeko proiektuen baitan; hots, 1980ko egitasmo bat, trantsizio ekologikoaren oinarri. Europak zer erantzungo duen ez dago jakiterik, baina obren kudeaketaz zer balorazio egin dezakeen, imajina daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.