inaki petxarroman
HIZPIDEAK

Erraustegia ere ezinean

2020ko abenduaren 5a
00:00
Entzun
Urte polita geratzen ari zaie administrazioak azken urteotan bultzatu dituen hainbat makroproiekturi. Jaurlaritzak aitortu du AHTaren Euskal Y-a ez dela 2024an amaituko, eta Donostialdeko metroko lanak hondar eta ur artean itolarrian daude, goian bizi direnen zoritxarrez.

Aste honetan jakin da Zubietako erraustegian ere nahi eta ezinean ari direla. Zaborra erre bai, baina elektrizitatea sarera sartzeko modurik ez dutela, transformadore nagusian izandako matxura larri baten ondorioz. Eusko Jaurlaritzaren Industria Sailak abiatzeko behin-behineko aktaren epea ez luzatzea erabaki duela, eta horrek airean utzi duela erraustegiaren bideragarritasun administratiboa. Zein, eta Zubietako «Ingurumen Zentroaren» izar nagusia, hondakinak erre eta energia balioztatzeko jaio zen hura, ekonomia zirkularraren paradigma, agintarien hitzetan. 2019ko urrian jarri behar zuten martxan, Urbaser buru duen enpresak eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak sinatutako kontratuaren arabera. 2021ean sartzear gaude, eta erraustegiaren bihotz elektrikoa Alemaniako zainketa intentsiboko unitate batean dago, hil ala biziko borrokan.

GHK-ko buru Jose Ignacio Asensiok dio ez dutela ezer ordaindu. Ez du esan, baina, milioi asko jaso beharko zituztela (40 inguru), enpresak Gipuzkoari zerbitzua eman gabe daraman denboragatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.