HIZPIDEAK
Liburukien zama
Aske utzi dituzte asteon Iruñerrian atxilotutako hamar gazteak, baina izan al daitezke aske Espainiako Poliziaren zazpi liburukiren zama gainean dituztela? Ez du, ez, arnasa hartzeko aukerarik ematen, aske utzita ere, «talde kriminalak» ikusten dituenak frontoiaren hotzean, Katakrakeko liburuetan, itsatsitako karteletan, gaztetxeko kultur ekintzetan edo manifestazioetan.
Aske utzi baino ordu batzuk lehenago kendu zioten atzo sekretua sumarioari, eta defentsak tarte oso laburra izan zuen Poliziak bildutakoaren berri izateko, baina tartean kriminal eta ETA hitzak ikusteak oilo ipurdia jartzen du, aurrez, eta ez horrenbestez ere, beste gazte batzuek jasandakoa gogoan.
Auzitegitik diotenez, hamar gazteetatik lauri talde kriminaleko kide izatea egozten die Poliziak; lau horiei eta beste hiru gazteri desordena publikoa eragitea, eraso egitea eta lesioak eragitea, eta beste hiru gazteri, lesioak eragitea.
Orain, ikusi beharko da zazpi liburukiko kontakizun katramilatuek nolako txirikorda eman diezaioketen ikerketari. Kezkagarria da, esaterako, liburukietako bateko «ETAren zatiketa baten ondorengo taldea» dioen esaldia zertan geratuko den, herri honetan erakusten segitzen dute-eta «justiziaren pisua» zein pisua den herrigintzan aritzen diren gazte ekimendunentzat.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.