HIZPIDEAK
«Zehar kalteak»
Marokok baditu nahikoa gatazka eta arazo bere mugen barruan: sahararren auziaz gain, buruhauste handiagorik badu gazteekin eta emakume, irakasle, zamaketari, nekazari... eta pandemiak erabat jo duen turismo sektorearekin. Adierazpide horiek guztiek, ordea, inoiz gutxitan zeharkatzen dute mugarik, pobrezia eta ezinegon kronikoa errepresioz isilaraztea da-eta Rabatentzat biderik eraginkorrena.
Eraginkorra egiten zaio, era berean, herritarren itomena, desesperazioa eta pobrezia baliatzea Espainiaren gisako aliatuei presio egiteko eta boterea erakusteko. Brahim Ghali Fronte Polisarioko burua Espainiako erietxe batean hartzea ez zaio gustatu Marokori, baina kasketa norainokoa izan daitekeen erakusteko balio dio, beste edozein auzi politikoren gainetik. «Zehar kalteak» dira, berriz, mugak ireki eta ixten diren bitartean gertatutakoak.
«Zehar kalteak», ordea, milaka pertsona dira, Espainiara ihesean. Eta «zehar kalteak» dira iritsitako lekutik itzularazi dituela Madrilek haietatik ahal dituen guztiak, adingabeak tartean.
Mugak itxita edukitzeagatik ordainsaria aspaldi onartu zien Europako Batasunak Turkiari eta Marokori; salerosketaren parte dira kalte ordainak, fundamentalismoa indartzen duten miseriak.
Astekaria
Asteko gai hautatuekin osatutako albiste buletina. Astelehenero, ezinbesteko erreportajeak, elkarrizketak, iritziak eta kronikak zure posta elektronikoan.