mikel p ansa
HIZPIDEAK

Hondamena

2021eko uztailaren 16a
00:00
Entzun
Gerra, miseria, gosete, izurrite eta hondamendi sozial zein klimatikoen ondorio tragikoak ikustera ohitu egin da ikuskizunaren eta irudiaren gizartea. Hegoalde globalean gertatzen direnean. Mendebaldean halakoak agertzen direnean, beste zerbait da. Astinaldi bat eragiten dute. Mendebalde globalak ez baitu espero gerrarik, miseriarik, izurriterik eta hondamen klimatikorik bere etxeko atarian. Horregatik sortzen dute harridura Alemaniakoaren gisako atzoko gertakariek. Lehena omen den mundu honetako biztanleak ustezko segurtasun laino batean bizi dira, Afrikako hondamenak hemen gertatuko ez direlakoan, eta eurite indartsu batzuetan dozenaka pertsona hil eta etxe, errepide, auto eta ondasun ugari hondatuta ikusteak larrimina sortzen du. Katrina urakanak AEBetan eragindako uholdeetan ia 2.000 lagun hil zituenean bezala —NASAk atzo ohartarazi zuen uholde arriskua handitu egingo dela AEBetan datorren hamarkadan—. Alemaniako Ingurumen ministro Sevenja Schulzek Twitterren idatzi zuen: «Klima aldaketa Alemaniara iritsi da. Gertakari hauek erakusten dute eragin dezakeen kaltea, eta zeinen garrantzitsua den muturreko gertakari meteorologikoetarako prestatzea». IPCCko adituek aspaldi ohartarazi dute muturreko era horretako gertakari klimatikoak ugaritzeko arriskua handitu egingo dela klima berotzearekin. Azken-azkenean, hondamendiak ere globalizatzen hasi dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.