mikel rodriguez
HIZPIDEAK

Hizkuntzaren inportantzia

2021eko abenduaren 2a
00:00
Entzun
Euskalgintzaren Kontseilua eta katalanaren, galegoaren, asturieraren eta aragoieraren aldeko taldeak hagitz kezkatuta daude Espainiako ikus-entzunezko lege proposamenarekin, hizkuntza gutxituei ez baitie bermatuko gutxieneko kuotarik plataforma handien edukietan. Eta hipotesi bezala ere ez du planteatuko gaztelaniaren tratu berbera ematea bertzeei.

Espainian bazterreko eta ezezagun ikusten dituzte gaztelania ez bertze hizkuntza horiek, baina eztabaidak azken egunetan protagonismo handia hartu du Madrilgo jokaleku politikoan. Eta, garrantzi horren ondorioz, irrati eta telebista tertulietan, sare sozialetan, umorezko saioetan eta iritziak emateko bertzelako plazetan zeresana eman du. Oro har, Espainiako iritzi emaile anitzek ez dute ulertu hizkuntza gutxituen presentzia bermatzeko tema, eta ondorio batekin bat egin dute: auzia ez da politika baldintzatzeko bezain inportantea. Kritika amorratuak, komentario ironikoak, konparazio behartuak, baita ohiko mespretxua ere... iritzi arsenalak mota guzietako armak erabili ditu.

Kuriosoa da hizkuntza gutxituetako hiztunei erratea haien larridura ez dela kontu inportantea, norbait bere garaian arduratu baitzen konstituzio batean hizkuntza bakarrari emateaz jakin beharrekoaren estatusa. Gaiak izanen du, hortaz, inportantziaren bat, bertzeei espazio publikoak ematearen kontrako erresistentzia hain gogorra den honetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.