Urraketa bistaratzeko zinema

Donostiako Giza Eskubideen 18. Zinemaldiak 36 film erakutsiko ditu, apirilaren 23tik 30era bitartean. Montxo Armendariz eta Puy Oria omenduko dituzte, eta 'Apaiz kartzela' dokumentala estreinatu

Bakhsiren Yalda, a Night for Forgiveness filma. GIZA ESKUBIDEEN ZINEMALDIA.
itziar ugarte irizar
Donostia
2021eko apirilaren 16a
00:00
Entzun
Pandemiaren hastapenetan oraindik, Donostiako Giza Eskubideen Zinemaldia bertan behera geratzen aurrenetakoa izan zen iaz hirian, eta, ordutik hona lerroburu ia denak bereganatu dituen gaia bilakatu den arren, badira arreta eta hedapena behar duten beste hamaika auzi ere. Hala defendatu zuen atzo Joxemi Beltran jaialdiko zuzendariak, zinemaldiaren 18. aldia aurkeztean. Programa «zuhurra» ondu dute aurten, baina «ohiko aberastasunari» eusten diona, haren esanetan. Denera, 36 film izango dira ikusgai: 22 luze eta hamalau labur. Adituekin solasaldiak izango dira, baita giza eskubideei lotutako azokak eta erakusketak ere. Hori guztia, giza eskubideen defentsaren eta urraketen inguruko «hausnarketa, sentsibilizazioa eta debatea» bultzatzeko asmoz.

Beltranek adierazi zuenez, dokumentalaren generotik heldu ohi da giza eskubideak ardatz dituzten ekoizpenen parte handi bat, eta hala erakutsiko du aurtengo jaialdiaren egitarauak ere. Sail Ofizialaren barruan izango diren hamalau film luzeen artean —11 izango dira lehian—, migrazioa izango da gai nabarmenetako bat: Javi Julioren Aita Mari-k (lehiaketatik kanpo), Alfredo Torrescallesen Vidas menores-ek (solasaldiarekin) eta Luca Lucchesiren Black Jesus-ek landuko dute.

Oroimena izango da beste gai ardatzetako bat, eta jaialdiko zuzendariak hor kokatu zuen Apaiz kartzela-ren estreinaldia: 1960-1970eko urteetan Zamoran (Espainia) espetxeratuta eduki zituzten lau apaiz antifrankistaren istorioari buruzko lana, Ritxi Lizartza, David Pallares eta Oier Aranzabalek zuzendua. Memoriaren multzo berean sar daitezke ondoko hiru lanak ere: Sarajevoko gerra oroituko du Album de Posguerra-k (Angel Leiro, Airy Maragall); egilearen aitak ETArekin izan zuen lotura du langai Traidores-ek (Jon Viar), eta 100 urte betetzera heldu direnei buruz da 100UP (Heddy Honigmann). Azken horren inguruan ere izango da solasaldi bat filma ikusi ostean.

Eta adineko jendearen bizipenetatik, gazteenetara. Sarean jazotzen diren adingabeenganako sexu erasoak izango ditu hizpide Caught in The Net lan txekiarrak (Barbora Chalupova, Vit Klusak); AEBetako eskoletan armagintzak eta segurtasunaren negozioak sortzen dituen egoerak agertuko ditu Bulletproof-ek (Todd Chandler), eta Txetxeniako LGTBIfobiaz ariko da Welcome to Chechnya.

Fikziozko lanek ere izango dute, baina, beren tokia. Mohammad Rasoulofen There Is No Evil eta Massoud BakhsirenYalda, a Night for Forgiveness filmak, adibidez. Bakhsik zuzendutako ekoizpenak Maryamen istorioa kontatuko du 22 urte ditu, zeinari heriotza zigorra ezarriko dioten 65 urteko senarra hil izanagatik. Hori izango da, hain justu, inaugurazioko filma. Itxierakoa, berriz, Eric Barbierren Petit pays, Burundiren eta Ruandaren arteko gerra zibilean kokatutakoa.

Saharari arreta berezia

Sail Ofizialean baina lehiaz kanpo erakutsiko duten beste lan berezi bat Ocupación S. A. izango da. Laura Daudenek eta Sebastian Ruiz-Cabrerak zuzendu dute, eta Mendebaldeko Saharako gatazkan enpresaburu eta politikari espainiarrek izandako parte hartzea aletzen du. Gai ezaguna da Donostiako jaialdiarentzat kanpamentuetan bizi diren sahararrena, besteak beste 2010etik Fisahara Nazioarteko Saharako Zinema Jaialdiarekin senidetu zenetik. Aurten, ordea, arreta berezia jarri gura izan dute kanpalekuetako egoeran, iragan azarotik sahararren aurkako jazarpena areagotu egin dela ikusita. Hala, hilaren 25erako «saio monografikoa» prestatu dute, eta, Ocupación S.A.-rekin batera, Daniel Suberviolaren Mutha y lamuerte de Hamma-Fuku labur saritua ere erakutsiko dute Antzoki Zaharrean, 12:00etan hasita.

Hain zuzen, Antzoki Zaharrak hartuko ditu aurten ere emanaldi gehientsuenak, Viktoria Eugenia antzokiarekin batera. Horietatik kanpo, beste bi film erakutsiko dira: Ray Yeungen Suk Suk —Kresala Zineklubaren eskutik, hilaren 20an, Trueba aretoan—, eta Rithy Panhen Irradiés —hilaren 27an, Tabakaleran—. Edukiera neurriak direla eta, banakako sarrerak soilik izango dira salgai: astelehenean, 11:30etik aurrera, leihatiletan zein Internet bidez.

Hiru sari eta bi omenezko

Berezitasun gisa, film labur guztiak bata bestearen ondotik erakutsiko dituzte aurten, «laburren maratoi indartsu batean», Beltranen hitzetan. Hilaren 24an izango da, 17:00etan, eta hogei minututik beherako 11 lan ikusi ahalko dira —ez da izango euskarazkorik—: 16 de decembro (Alvaro Gago), Bad Omen (Salar Pashtoonyar), Biografía del cadáver de una mujer (Mabel Lozano), Carne (Camila Kater), La Chasse (Ryan Jogi), Confinés dehors (Julien Goudichaud), La espera (Jakob Krese, Danilo Do Carmo), Masha/Masza (Krzysztof Chodorowski), Petit poussin (Nadia Anebri), Stillleben/The Caretaker (Roland Puknat) eta Une nouvelle page (Benjamin Clavel).

Omenaldirako tartean, estreinakoz sari bikoitza banatuko dute aurten: Montxo Armendariz zuzendariari eta Puy Oria ekoizleari.1999an Oria Films ekoiztetxea sortu zuten elkarrekin, eta han produzitu zituzten, besteak beste, Silencio roto (2001), Escenario móvil (2004), Obaba (2005) eta No tengas miedo (2011). «Beren filmetan erakutsitako konpromiso soziala» aitortuko diete.

Filmen artean, gainera, ohi diren sariak banatuko dira: Ikusleen Saria film luze onenari, Gazte Epaimahaiaren Saria film labur onenari eta Amnesty International saria, erakunde horretako kideek eta zinema industriako profesionalek erabakiko dutena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.