jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

'Altsasu txiki'

2018ko urriaren 10a
00:00
Entzun
Kontuz elkarteak argitu du zergatik ukatu zioten Patxi Zamora bozeramaileari, 31 urtez Iberian lan egin ondoren, hegazkin batean lanerako sartzeko baimena. Guardia Zibilaren Informazio Zerbitzuen arabera, «aire segurtasunerako arriskutsuak izan daitezkeen inguruneetatik hurbil dagoen pertsona bat da», eta horregatik bota zuten lanetik Zamora.

Ikaratzeko modukoa da pentsatzea zer-nolako inpunitatearekin joka dezakeen Guardia Zibilak oraindik ere herri honetan. Ez da lehen aldia ingurune hitza baliatzen duela euskal herritar bati jazartzeko eta hari eskubide zibilak kentzeko. Dena ETA da doktrinaren garaian nahikoa zen norbait ezker abertzalearen bueltan zegoela esatea gutxienez atxilotu eta bost egunez inkomunikatuta edukitzeko. Orain, garai horretako Poliziaren gehiegikeriek ustez atzean geratu behar duten garai berri honetan, Guardia Zibilak berriro hartu du ingurunearen argudio hori jazartzeko, oraingoan Nafarroako ustelkeria kasuak salatu dituen elkarte bateko bozeramailea lanik gabe uzteko: «Honek ez du berriro hegan egingo».

Zer ingurune dira aire segurtasunerako arriskutsuak? Horiekiko zer hurbiltasun da arriskutsua? Zenbat herritar daude ingurune horietan? Eta ba al dakite lan politiko bat egiteagatik Guardia Zibilak susmopean jar ditzakeela argudiorik eman gabe? Zamoraren auzia Altsasu txiki bat da, eta, horrelakoak geratu ezean, ez da azkena izango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.