jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Mugak

2018ko urriaren 11
00:00
Entzun
Abisua eta mendekua. Abisu eta mendeku gisa baino ezin da ulertu GHK Gipuzkoako Hondakinen Kontsorzioak Ainhoa Intxaurrandieta eta Iñaki Errazkin auzitara eraman izana. Abisua, erakundeek bankuekin eta eraikuntza enpresekin sinatutako kontratuak —sistema bera— kolokan jartzeko asmoa dutenei. Mendekua, jarduera politikoan hartutako erabakiek ondorio eta ordain pertsonal gordinak izan ditzaten bultzatzeagatik. Auzitara eraman zituzten errauste planta eraikitzeko kontratua bertan behera uzteagatik eta erabaki horrek eragindako gastuengatik. Hain justu, EAJko ordezkariek bankuekin hitzartutako gastuak dira nagusiki, finantza produktu konplexuen bidez —swap deitutakoak—, errauste planta eraiki edo ez ordaintzekoak. Carlos Ormazabal Gipuzkoako Ingurumen diputatu ohiak sinatu zituen swap horietako batzuk, bankuetako batek ohartarazi bazion ere ez zela horretarako egokia, ez zeukalako behar besteko finantza ezagutzarik.

Swap-ena Gipuzkoako erakundeek eta agintari politikoek errauste planta kosta ahala kosta egiteko hartu dituzten erabakietako bat baino ez da. Korrika eta presaka ari dira; egoskor; arauak eta zentzu komuna bihurrituta; aurkari politikoari eskuak lotuta uzteko asmoz; betikoen —bankuen eta eraikuntza enpresen— mesedetan; eta, Errazkinen eta Intxaurrandietaren kasuan, gizalegearen eta borroka politikoaren mugak gaindituta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.