HIZPIDEAK

Errekuntza autoen amaiera

Iñaki Petxarroman -

2018ko azaroak 14
Aurretik Erresuma Batuko eta Frantziako gobernuek egin bezala, Espainiakoak ere iragarri du debekatu egingo duela gasolio eta gasolina autoak 2040tik aurrera matrikulatzea. Iragarpenak hautsak harrotu ditu, nahiz eta hura jasotzen duen lege proiektua oraindik ez den parlamentura iritsi. Ikusi beharko da aurrera ateratzen den, lege proposamenak ez baitu inola ere bermatuta parlamentuaren gehiengoa. Kontuan eduki behar da, gainera, autogintzaren eta petrolioaren lobby-ak oso indartsuak direla Espainian eta Europan, eta, beraz, zuhurtziaz hartu behar direla halako iragarpenak.

Edonola ere, aurrera egitea lortuko balu, beharrezko norabidean hartutako erabaki bat izango litzateke Madrilek iragarritakoa, eta oinarria jarriko luke garraioan ere energia iturri alternatiboen sareak zabalduz joateko, gaur-gaurkoz oso ahulak eta puntualak baitira.

Panorama horrekin, gainera, errekuntza autoak egiten dituzten enpresek beste erremediorik ez lukete izango produkzio sistemak pixkanaka egokituz joatea baino, auto elektrikoak ekoizten hasteko, adibidez. Espainiako Gobernuaren legeak baditu puntu ahulak, ordea. Batetik, ez du aurreikusi, Europako beste herrialde batzuetan ez bezala, zerga sistema sendo bat, kutsatzen duenak gehiago ordain dezan. Bestetik, 2040a beranduegi izan daiteke, klima aldaketa oso bizkor baitoa aurrera.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna