jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Mossoak

2019ko urriaren 16a
00:00
Entzun
Iritsi da sententzia, hasi da irakiten odola, begiek bat egin dute pantailekin, eta sare sozialek eta aplikazioek mugiarazi dituzte katalan suminduen oinak —independentziaren aldekoak izan edo ez—: kalera, aireportura... Han, aurrez aurre, poliziak: batetik, Espainiakoa; bestetik, Kataluniakoa, Mossos d'Esquadra, 2017ko urriaren 1ean herritar gehienei bozkatzen utzi ziena. Protesta egiten ari direnen aurrean, ordea, batzuek eta besteek polizia bat eta bakar gisa jokatu dute, borrekin herritar baketsuak astintzen eta eskopetekin tiro egiten, batzuek gomazko pilotak, besteek foam balak. Irudietan argi eta garbi ikusten dira mossoak Espainiako poliziek bezainbesteko kolpe egarriarekin.

Quim Torra Generalitateko presidenteak kalera ateratzeko eskatu zien larunbatean herritarrei, «modu baketsuan» eta «beldurrik gabe». Gero, mossoak bidali zizkien herenegun, egurtzera. Eta mossoen bortizkeria jasan eta ikusi zuten herritar horiexek irentsi egin behar izan dituzte Meritxel Budo gobernuko bozeramailearen azalpenak, esanez mossoek manifestariak babesteko jokatu zutela horrela, eta gobernuak aldi berean babesten dituela protestak eta mossoen lana.

Miquel Buch Barne kontseilariak, artikulu batean, David Pique komisarioaren esan bat ekarri zuen gogora iragan astean: «Ez da gauza bera polizia izatea edo poliziarena egitea». Garbi erakutsi dute mossoek eta haien arduradunek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.