mikel p ansa
HIZPIDEAK

Eskuina eta eutanasia

2020ko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Argigarriak dira PPko Jose Ignacio Echaniz diputatu espainiarraren hitzak: «Bizitzaren amaieran dauden pertsona batzuk oso garestiak dira», eta, horregatik, gobernuari egotzi dio «murrizketak» egiteko modu bat dela eutanasia arautzeko Espainian eztabaidatzen ari diren lege berria. Mundua entenditzeko modu bat erakusten dute Echanizen hitzek, eta mundua entenditzeko modu hori oso urruti dago eutanasia eskatzen ari direnengandik eta haien senideengandik. Eutanasia eskatzeko egoeran daudenak gastu bat besterik ez balira bezala tratatu ditu PPko diputatuak. Eztabaida politikoan etekinen bat atera nahian edozer esatea arrunta bilakatu da, baina Espainian modan jarri den guztiak-balio-du politika horrek humanismoaren eta enpatiaren antipodetan jarri du Espainiako eskuina. Bizitzaren amaieran dauden pertsonak terminoa erabili du Echanizek. Eta ez, ez dira bizitzaren amaieran dauden pertsonak: hain justu horrexegatik ari dira eskatzen beren bizitza amaitu ahal izatea. Eta ez, problema ez dira gastua eta murrizketak. Problema da nola saihestu inora ez doan debaldeko sufrimendua; problema da jendeari bakean bizitzen uztea, eta bakean hiltzen uztea. Maribel Tellaetxek eskatzen zuena. Joan Mari Irigoienek eskatzen duena: «Errespetua eskatzen dut; duinki hil nahi nuke, besterik ez». Eskuina inoiz baino urrutiago dago jendearen sufrimendutik: formak gordetzen ere ahaztu zaio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.