Amagoia Mujika Tolaretxipi.
HIZPIDEAK

Videlaren argazkia

2021eko otsailaren 19a
00:00
Entzun
Ziega ilun eta hotzean gizon zahar eta zimeldua komunean eserita aurkitu zuen funtzionarioak, 2013ko maiatzaren 17ko goizean, zerraldo, heriotzaren atarian beherakoak jo ondoren: «Diana fekal batean esan zion munduari agur, bakardadean, azken hatsaren irudia aberkideei eragindako tragediaren ordaina izango balitz bezala». Jose Rafael Videla diktadorearen heriotza horrela deskribatu zuten Maria Seoanek eta Vicente Muleirok El dictador liburuan.

1976an Argentinako botere guztiak kolpean bereganatu zituen jeneral handi ihartuaren irudiari, ordea, beste argazki batzuk gailentzen zaizkio. Esma Armadaren Mekanika Eskolan jarri zituen praktikan bere ikasgaiak diktaduran: atxiloketak, torturak, hilketak eta umeen bahiketak. Beste 700 zentro klandestino izan ziren, baina estatu terrorismoagatik zabaldutako auzibiderik handiena izan da Esmakoa. Lau epaiketatan azkena zen atzokoa, 2007an hasitako prozesuaren amaiera: 5.000 biktima, 816ren kasuak azkenak. Mekanika tailer haren mekanismoan galdutako herritarren memoria erreparatu dute.

1985ean Junta Militarren epaiketaz geroztik, inpunitate lege asko izan dituzte, 2005ean giza eskubideen erakundeek bidea egitea lortu arte. Videla ez zen inoiz damutu. Baina espetxean hil zen, kakaztuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.