inaki petxarroman
HIZPIDEAK

ELA eta LAB

2021eko otsailaren 26a
00:00
Entzun
Urak nahasita dabiltza ELA eta LABen arteko harremanetan, eta aste honetan uholde bihurtu dira elkarri isuritako kritikak. LABek ELAri egotzi dio estatuarekiko konfrontazioa alde batera uztea eta Confebaskekin harreman ona izatea. Ez da samurragoa izan Hego Euskal Herriko sindikatu nagusiak LABi erantzundakoa. UGTrekin eta CCOOrekin itunak egitea egotzi dio, eta EH Bildurekiko loturaren ondorioz haren ildo sindikala koalizioaren interes politikoetara makurtzea.

Bi sindikatuen arteko desadostasunak aspaldikoak dira. Urrun geratu da Rafa Diez eta Jose Elorrieta idazkari nagusiak buru zituzten zuzendaritzek duela bi hamarkada bultzatutako batasun sindikala. Paradoxikoa bada ere, garai batean sindikatuen lotura sendotzeko oztopo nagusia zen ETAren jarduera armatua desagertu ostean urrundu dira gehien ELA eta LAB.

Sindikatu bakoitzak bere argudioak ditu, eta ongi arrazoituta daude. Beste kontu bat ea euren arteko desadostasun horrek nori egiten dion mesede eta nori kalte. ELAk eta LABek elkarlanean iaz bultzatu zuten greba orokorretik urtebetera azaleratu dira krisiaren hotsak. Eta hori, agian, ez da txarrena, lagunduko balu aurrera begira jartzen, eta bi sindikatuak batzen dituzten hamaika borroka, helburu eta ikuspegien aldeko indarrak metatzen. Langileen, emakumeen, ingurumenaren eta burujabetzaren aldeko dinamikek eskertuko lukete krisi honetatik elkarri eskua emanda irtetea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.