mikel p ansa
HIZPIDEAK

Ahula ahulen

2021eko urriaren 7a
00:00
Entzun
Udaltzain batzuk kaleko saltzaile bat, migratzailea, identifikatzen. Duela hiru urte gertatu zen, Donostian. Herritar batzuk hurbildu ziren, eta udaltzainei eskatu gehiegikeriarik ez egiteko. Haien arabera, udaltzainak «modu txarrean» eta «arrastaka», bortizki beraz, ari ziren atxilotzen Moussa Sow, saltzailea. Poliziaren erantzuna: herritar horiek atxiloketa oztopatzen saiatu zirela, eta haietako bati desobedientzia leporatu. Haien bertsioari kasu egin zion fiskal bat agertu, epaileak onartu, eta horra hor epaiketa bat, herritarraren kontra, eta beste bat kaleko sailtzailearen kontra. Udaltzainen hitza: ez da beste argudiorik epaiketa egiteko. Baina noizbait aztertu beharko da ea polizia batzuen hitza nahikoa ote den jendea auzipetzeko.

Legeak polizia agenteak babesten ditu, mozal legearen gisakoekin eta haien bertsioei sinesgarritasuna emanez. Baina noizbait aztertu beharko da ea polizien gehiegikerietatik babesteko zer lege behar dituzten herritarrek. Ahulenak babestu beharko bailituzkete legeek, baina justu kontrakoa egiten baitute: nork babesten ditu herritarrak poliziengandik?

Eta kasu honek oihartzun pitin bat izan du, aktibista ezagun bat auzipetu dutelako tartean. Baina zenbat Moussa Sow atxilotu eta zigortzen dituzte poliziek astero gehiegikeriak eginez? Eta atzokoa bezalako epaiketek hori bilatzen dute, hain justu, zigor bat baino gehiago: abisu bat ematea, poliziek euren lana egiten jarraitu dezaten, euren erara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.