jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

'Herenegun', bihar eta gaur

2018ko azaroaren 17a
00:00
Entzun
Jonan Fernandez bakarrik geratu da Eusko Legebiltzarreko Hezkuntza batzordean Herenegun programaren defentsan. Oposizioko talde guztiek eta EAJk gobernuan duen bazkideak, PSEk, esan dute ez dutela babesten, eta gutxien-gutxienak zer hobetu dagoela adierazi du. Ez da oposizio bera, ordea, batzuena eta besteena.EH Bilduk salatu du programan ez dutela behar bezala jaso gizartearen parte batek jasandako sufrimendua. PPk eta PSEk, berriz, esan dute Herenegun-ek ez duela jasotzen beste parte batek jasan duena soilik. Aldea dago. Ez dagoenaren eta dagoenaren artekoa.

Atzo, Fernandezek prestasuna agertu zuen «hobekuntzak» egiteko. ETAren amaieran Urkulluren gobernuak erakutsi duen jarrera aintzat hartuta, garbi dago zer joera duen, eta orain ere, babesa bilatzen hasita, beti izango du errazago bere burua programan ikusten duenarekin egitea, nahiz eta ados ez egon, ikusten ez duenarekin baino. Herenegun programaren arrakasta, ordea, ez litzateke neurtu behar jokaleku politikoan duen babesaren arabera, baizik eta ikasleek herri honetan gertatu den guztiaren eta izan diren min guztien gainean duten ezagutzaren arabera. Bihar izango da hori, baina, gaur-gaurkoz, Juan Pablo Fusi programaren sortzaileetako bat gatazka ETAk sortu zuela esaten entzun ondoren, ez dirudi Herenegun-ek hori bermatuko duenik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.