HIZPIDEAK

«Siziliako mafia»

Iñaki Petxarroman -

2018ko azaroak 27
Ahoan bilorik gabe mintzatu da De Miguel auziko fiskala ustezko ustelkeria kasuan zerikusia dutenen aurka. «Mafiaren gisan» jokatzea egotzi die, eta,«herrialde serio» batean baino, «Sizilian ohikoagoak» diren jokamoldeak izatea. Inputatuek «inpunitatez» egiten zituzten delituak, eta denek zuten lotura bat: EAJrekiko harremana.

Fiskalak garrantzi handia eman die Ainhoa Alberdik jarritako salaketari eta aurkeztutako probei: audio grabazioei eta mezu elektronikoei, besteak beste. Horietan, fiskalak uste du estortsio ekintzen oinarriak daudela, Cosa Nostra-ko kideek erabiltzen zituztenen antzekoak; esate baterako, lan publikoak esleitzeagatik legez kanpoko komisioak «nahitaez» kobratuko dituztela agintzea.

Italiako uhartean ez, baizik eta batzuek kudeaketa onaren oasitzat jo duten Euskal Herrian izan ziren delitu larriak, fiskalaren tesiak berresten baldin badira, behintzat. Eta kontua da Ainhoa Alberdi enpresaria ausartu ez balitz salatzera, eta izan dituen presio guztiei aurre egitera, De Miguel auzirik ere ez litzatekeela izango segur aski, sistemak ez duelako tresnarik inpunitatearen katea hausteko. Beraz, epaitzen ari diren akusatu batzuk ardura postu garrantzitsuetan egon zitezkeen oraindik lasai asko; agian, zergatik ez, Arabako diputatu nagusiaren aulkian ere bai.

Irakurle agurgarria:

Honaino iritsi zarenez, eskaera bat egin nahi dizugu: irakurtzen ari zaren edukia eta egunkaria babestea, konpromiso ekonomikoa hartuz. Publizitatea eta erakundeen diru-laguntzak ez dira nahikoa BERRIAren etorkizuna bermatzeko. Sarean eskaintzen dizugun edukia irakurtzen duzuen milaka irakurleek proiektuari ekarpena eginda, urrutira iritsiko ginateke.

Kazetaritza libre, ireki eta independentea egin nahi dugu euskaldunontzat. Euskaraz informatzea delako gure eginkizuna, eta zure eskubidea.Lagun gaitzazu bide horretan. Idatzi gurekin etorkizuna. Geroa zugan.

Martxelo Otamendi
BERRIAko zuzendaria

Izan zaitez BERRIAlaguna