jakes goikoetxea
HIZPIDEAK

Hilgarritasun apala

2018ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Albistea ia oharkabean pasatu da, baina jendarmeek zauri larriak eragin zizkioten herenegun 18 urteko neska bati, gomazko pilota batekin, Miarritzen G7koen kontra izan ziren protestetan: hautsia du masailezurra, hautsiak ditu hainbat hortz, eta zauria dauka masailean. Bideoa badago. Polizia hondartza inguruko herritar indartsuei oldartu zitzaien. Jendea makurtuta, korrikaldiak... eta gomazko bala batek zauritutako neska jarleku batean, ahoa odoletan. Azkeneko urteetan Euskal Herrian bertan zein Euskal Herritik ez oso urritu gertatu direnak gertatuta, okerragoa izan zitekeen. Begiren bat gal zezakeen. Edo bizia, Iñigo Cabacasi gertatu zitzaion moduan.

Gomazko pilotek eta balek eragiten duten kalte guztia ikusita ere, poliziek erabiltzen jarraitzen dute. Arrazoirik gabe, irizpiderik gabe, proportzionaltasunik gabe eta eragin ditzaketen kalteak aintzat hartu gabe, bistan denez.

Flash-Ball motako bala batekin zauritu zuten neska jendarmeek. Frantziako Verney-Carron arma ekoizleak egiten ditu. Haren webgunea bisitatuz gero, atentzioa ematen du erabiltzen duen hizkerak. Azalean, esaterako, Flash-Ball armak ez direla hilgarriak dio. Arma horiei buruzko atalean sartuz gero, ordea, «hilgarritasun apalekoak» direla zehazten du. Hilgarriak, beraz, poliziek frogatzen duten moduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.