jon ordonez garmendia
HIZPIDEAK

Ardura

2018ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Ahal Dugu-Orain Bai talde parlamentarioak hiru parlamentari bota izanak —Ainhoa Aznarez parlamentuko presidentea tartean erabat aldatu du udal eta foru hauteskundeen atarian datozen hilabeteetan Nafarroan jokatuko den partida. Lau urtekoa zen erronka, eta ia esan daiteke, gehiengoa izatera iritsi bezala, ozta-ozta iritsiko dela aldaketaren laukoa maiatzeko hauteskundeetara. Ez, ordea, laukoa hautsi delako, baizik eta laukoetako bat hautsi delako. Laukoa, baina, lau alderdiren batuketa baino zerbait gehiago izan da hiru urte eta erdi hauetan Nafarroan, erakundeetan eta kalean, arlo sozialetan eta politikoan. Hala izan zen bozak irabazi aurretik ere erregimenaren aurkako blokea, eta ukaezina da laukoaren zati baten hausturak eragiten diola osotasunaren irudiari.

Oposizioa hasi da atzoko haustura baliatuz maiatzeko hauteskundeei begira laukoa higatzeko lanetan, parlamentuko mahaian. Nafarroako barometroak joan den astean hiru parlamentari eman zizkion Ahal Dugu-ri boto asmoan—orain baino lau gutxiago—, eta, aintzat hartuta horiekin ere laukoak ez zuela aski berriro gehiengoa eskuratzeko, ez dirudi atzokoak lagunduko duenik. Edozein alderdi edo korrontek du bere barneko eztabaidak nahi bezala erabakitzeko eskubidea. 2015ean bezala gizarte bat aurrera eramateko lan guztia parlamentari baten baitan egon daitekeenean, ordea, arduraz jokatzea gutxienekoa da gero ados jarri ahal izateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.