mikel p ansa
HIZPIDEAK

Lokatzetan

2019ko otsailaren 3a
00:00
Entzun
Obra publikoak inauguratzeko alfonbra gorrien azpian lokatza dago. BERRIAk argitaratutako erreportajeek argi erakusten dute obra publiko erraldoiak nola egiten diren: eraikuntza enpresa handiek prezioak botatzen dituzte lehiaketan, gero beste enpresa bat azpikontratatzen dute, azpikontratak beste bat azpikontratatzen du, eta hark langile atzerritarrak ekartzen ditu, miseria batengatik lan egiteko —lanaldi amaigabeekin, aparteko orduak kobratu gabe, inolako eskubiderik gabe...—. Langileek dirua behar dute; sektoreko enpresa handiek, irabaziak; eta instituzio publikoek, obrak epean entregatzea. Obra bukatuta, gainera, enpresa handi horiek gainkostuak kargatuko dizkiote instituzioari ustekabeko gastuengatik, irabaziak gehituz. Gipuzkoako lan ituna aplikatu eta beren langileei soldata duinak pagatu nahi dizkieten enpresak, berriz, ixtera behartuta daude. Lan egiteko sistema bat da, ezaugarri sistemiko bat. Instituzioek obra publikoak behar dituzte, ekonomiaren hazkundea hauspotzeko beste biderik ez dutelako erabiltzen, eraikuntzari lotutako sektoreek botere ikaragarria dutelako gainera, eta alderdi politikoek hauteskundeen atarian emaitzak behar dituztelako. Baina gurpil zoro horrek nekez funtzionatuko luke langile atzerritarren esplotaziorik gabe. Eta, ordu honetan, Bertolt Brechten poemak inoiz baino zentzu gehiago hartzen du: «Zazpi atedun Tebas hura, nork eraiki zuen? Liburuetan errege izenak baizik ez dira ageri. Erregeek garraiatu ote zituzten harritzar handiok?».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.